Da https://www.argia.eus/argia-astekaria/2978/haidi-giuliani
di Nerea Menor
2026ko irailaren 23an
“Ezinbestekoa da duela 25 urteko aktibismoaren indarra berreskuratzea”
2001ean, Genovako (Italia) G8 gailurraren aurkako ekitaldietan Poliziak milaka manifestari eta ekintzaile zapaldu zituen modu basatian. Aurreko goi-bileretan protestak eta liskarrak egotea ez zen ezohikoa, baina inoiz ez Genovakoak bezain jendetsuak eta bortitzak. 300.000 lagun bildu zituen globalizazioaren aurkako mugimenduak, eta borroka gogorrak izan ziren Poliziarekin. Carabinieriek suzko armak erabili zituzten manifestarien aurka eta Carlo Giuliani gaztea hil zuten tiroz. Hilketagatik auziperaturiko polizia errugabetu zuten epaileek, airera tiro egin eta balak Giuliani errebotez jo zuela ebatzita. Genovaz geroztik, goi-bilerak leku baztertuagoetan eta txikiagoetan egin dituzte, eta Carlo Giuliani sinbolo bihurtu zen globalizazioaren aurkako aktibistentzat. Aurten 25 urte bete dira gertaera haietatik eta Giulianiren ama Haidirekin egin dugu berba mugimendu altermundialistaz, Genovaz eta etorkizunaz. Gure galderak erantzun ditu Elena alaba alboan duela.

Nolakoak izan dira azken 25 urte hauek?
Hasierako urteetan, jubilatu berria nintzen eta seme-alaben zaintzaren ardurarik gabe nengoenez, pertsona askorekin biltzeko astia izan nuen, hitzaldi eta eztabaidetan parte hartzeko, artikuluak idazteko, bidaiatzeko, baita Senatura iristeko ere, Rifondazione Comunista alderdiarekin. Inoiz iritsi ez den erantzun zuzen eta justu baten bila eman ditut urte hauek guztiak.
Elena alaba ere beste hiri batera joan zen lanera, eta, geroago, neskato baten ama bihurtu zen. Hala ere, ez zion inoiz amari laguntzeari utzi. Posible izan zuen neurrian parte hartu zuen Piazza Carlo Giuliani batzorde gaztean, batez ere, carlogiuliani.it webgunearen kudeaketan.
Duela bost urte, jarduera guztiak eten behar izan nituen, eta Elenari nahiko lan zaila utzi nion: konpromiso guztiei aurre egitea, batzordea eta gurasoen zaintza.
Bien bitartean, batzordea hazi egin da. Egun, oso anitza da adin, izaera, gaitasun eta jatorri geografikoei dagokienez. Aniztasun hori da, hain zuzen ere, duen aberastasunik handiena.
Urteurrenaren harira ekimen ugari antolatu duzue.
Ez dugu oroitzapen hutsa egin izan nahi, ekintza, salaketa eta hausnarketarako gonbidapena izan da. Hilabete baino gehiago iraun du eta ekitaldiz josi du Genova: auzoko batzorde txikietatik hasi eta Palazzo Ducaleraino, erakusketek, ikuskizunek, liburu-aurkezpenek eta elkarretaratzeek Italia osotik eta Europako hainbat herrialdetatik etorritako milaka lagun bildu dituzte.
Uztailaren 21ean amaitu genituen ekitaldiak Pertini-Diaz eskolaraino heldu zen zuzien martxa isilarekin. Parte-hartzaileen artean, kazetariak eta lekukoak ezezik, Mark Covell ere bazegoen “sarraski mexikarraren” [ekitzaileak lotarako prestatu zuten Pertini Diaz eskolaren aurkako Poliziaren eraso bortitzari esaten zaio horrela] biktima larrienetakoa izan zena.
Bereziki esanguratsuak izan dira foro tematikoak, Genova Antifaxistak antolatutako elkarretaratzea, No Kings-en [autoritarismoaren eta gerren aurkako mugimendua] batzar nazionala eta bekak irabazi dituzten gazteekin Alimonda plazan egindako ekitaldia. Bertan, zirrara handiz hartu genuen Friuliko elkarte batek ekarritako hil-oihal handia, Israelek eraildako 18.500 haurren izenekin. Herri palestinarraren genozidioaren kontrako salaketa da.

100.000 espero eta 300.000 lagun azaldu ziren Genovan 2001ean. Zer irudikatu zuen mugimendu horrek? Geldiezina zirudien?
Genoa Social Forumaren deialdira agertu ziren 300.000 lagunek mugimendu altermundialistan aurrekaririk ez zuen elkargunea sortu zuten. Urteak ziren mugimenduak eredu neoliberala zalantzan jarri eta ohartarazi zuela desberdintasunen areagotzeaz, ekonomiaren finantzarizazioaz eta demokrazia ordezkatzailearen krisiaz.
Askok inflexio-puntu gisa definitu zituzten jardunaldiak. Sakonago ikertzea merezi duen gaia da, alajaina, batez ere, ingurumenaren eta parte-hartze demokratikoaren alde egiten dutenentzat. Ez da kasualitatea 2001ean haurrak ziren edo jaiotzear zeuden horrenbeste gaztek aurtengo urteurrenaren ekimenetan parte hartu izana.
Mugimendu altermundialistaren ibilbidean, noiz agertzen da Genova?
Genova erabat txertatuta zegoen globalizazioaren aurkako mugimendua deiturikoan, eta haren aldarrikapenak, leloak eta helburuak partekatzen zituen.
1999an Seattlen (AEB) Munduko Merkataritza Erakundearen goi-bilera blokeatu zuten mobilizazioen ostean, Porto Alegren egin zen lehen Munduko Foro Soziala. Foro horrek mugimenduaren hazkundea bultzatu zuen, hondamendira garamatzan garapen-eredua zalantzan jarri eta indarrak batzeko premiaz jabetu ginen.
Nola sortu zen Genoa Social Forum?
G8aren harira Genovan bilduko ziren mila erakunde eta elkarteren arteko koordinazio gisa sortu zen.
Genova baino hilabete batzuk lehenago, 2001eko martxoan, Napolik ELGAko (Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundea) herrialdeen Foro Globala hartu zuen, eta han ere gogor zapaldu zituzten protestak: milaka lagunek jasan zituzten ordu luzez Poliziaren kargak, eta dozenaka atxilotu zituzten.
Genova sekuentzia horretan sartuko zen hilabete gutxi batzuk geroago. Ordurako baina, tentsio handia sortzera bideratutako propaganda mediatiko toxikoak elikatuta zuen giroa. Il Linguaggio Della Tensione. La manipolazione mediatica del G8 di Genova liburuan, horren inguruan idatzi du Lisa Riccetti gure ikertzaile gazteak.

Hilketa, manifestarien aurkako karga indiskriminatuak, jipoiak kaleetan, Diaz Eskolako sarraskia, Bolzanetoko torturak… Zer aztarna utzi zuten?
“Genovako gertaerak”, Italian ezagutzen diren moduan, zauri irekia dira oraindik ere. Ixten zaila dena Genovako hiriarentzat eta oinarrizko eskubideak funtsezkotzat hartzen dituzten guztientzat.
Egun ilunak izan ziren demokraziarentzat. Italiako gizarteak ahaztu nahiko lukeen basakeria faxista. Piazza Carlo Giuliani batzordearen lanari esker, urtero berragertzen da memoria kolektiboan, gertakarien larritasuna gogora ekartzeko. “Giza eskubideen aurkako urraketa erraldoia izan zen, Europa garaikidean aurrekaririk gabekoa”, Amnistia Internazionalaren hitzetan.
Elena Doloiso epaile instruktoreak artxibatu egin zuen zure semeari tiro egin zion Mario Placanica carabinieriaren aurkako prozedura. Nolatan?
2003an izan zen, Diaz eskolako eta Bolzanetoko prozesuak oraindik hastear zeudenean. Perituak eta alegazio propioak aurkeztu genituen eta bide guztietatik erabakiaren aurka egiten saiatu ginen, baita Giza Eskubideen Europako Auzitegira jo ere, zeinak partzialki arrazoia eman zigun. Auziaren artxibatzeak, baina, zama handia ezarri zuen. Halako ebazpen bat onartezina da.
Edonola ere, gure ustez, justizia ez da auzitegietan lor daitekeena bakarrik. “Justizia da jendeak jakitea”, esan zuen behin Giuseppe Pinelli anarkistaren alargunak. Eta, hain zuzen ere, hori egiten saiatu gara 25 urte hauetan: informazio zorrotza zabaltzen topaketen, eztabaiden, hitzaldien eta liburuen bidez. Carlo A. Bachschmidt-en Alimonda liburuarekin esaterako.

Indarkeriari dagokionez, zer ikasi dugu Genovatik?
Segurtasun-indarrei bermatutako zigorgabetasunak bere horretan jarraitzen du, eta biktima berriak eragiten ditu. Gu Alimonda plazan memoria egiten bilduta geunden bitartean, hedabideek jatorri marokoarreko 42 urteko Abderrahim Fakir atxilotu eta asfixiaz hil zeneko irudiak zabaldu zituzten. 2020ko ekainean George Floydekin gertatu zen bezala, eta haren aurretik beste askorekin gertatu den moduan.
Genova globalizazioaren aurkako zikloaren amaiera markatu zuen mugarri nagusia edo inflexio-puntua izan zen?
Genovak inflexio-puntua eta etenaldia ekarri zituen, baina ez zen “mugimenduen mugimenduaren” amaiera izan. Ondorengo urteetan, Foro Sozialek bidea egiten jarraitu zuten (2002an Florentzian milioi bat lagun bildu ziren), Irakeko gerraren aurkako mobilizazioak piztu ziren, eta mugimendua forma berrietan berragertu zen: Occupy Wall Street, Arabiar Udaberriak, Espainiako Estatuko M15 mugimendua eta, berrikiago, Palestinari elkartasuna adierazteko mobilizazioak. Tokiko borroketan ere bizirik dirau. Adibidez, Albaniako Nartako urmaelaren eta haren ekosistemaren defentsan. Han, duela hilabete baino gehiago, kanpaleku finko bati eusten diote flamenkoen defentsan.
Gerraren aurkako mugimenduak hartu zuen lekukoa?
Genovatik bi hilabete baino gutxiagora, Dorre Bikien aurkako atentatua gertatu zen. Horren ondoren, tentsioa eta protestak, baita mobilizatzeko aukerak ere, gerraren aurkako mugimenduaren inguruan bildu ziren.
Hedabideentzat eta iritzi publikoaren zati handi batentzat, Mendebaldearen eta mundu islamiarraren arteko konfrontazioa bihurtu zen eztabaidaren ardatz nagusi, kapitalismo neoliberalaren eta justizia sozialaren aldeko mugimenduen arteko gatazka bigarren mailara zokoratuta.
Prozesu horrek 2003ko otsailean izan zuen bere gailurra, mundu mailan inoiz egin den mobilizaziorik handienarekin: dozenaka milioi pertsona atera ziren kalera. Erroman hiru milioi. The New York Times-ek orduan “munduko bigarren superpotentzia” gisa definitu zuen mugimendu hori, AEBen ondoren. Horrela izan balitz… Irailaren 11ren ondoren hasi eta gaur egun arte iraun duen gerra-katea geldiarazteko gai izan bagina…
Gerrak gure atea ere jo du dagoeneko eta, testuinguru horretan, gerraren aurkako mugimenduak gero eta garrantzi handiagoa hartu du. Horren erakusgarri da Genovan aurten egin den No Kings batzarra, inoiz baino gehiago, elkartzeko eta ekintza kolektiboa antolatzeko lehentasunezko gune bihurtu da.

Oraindik ere alternatibak indartzea beharrezkoa da, beste mundu bat posible izateaz gain ezinbestekoa dela erakustea. Zein da XXI. mendeko internazionalismoaren rola?
Termino horietan, hain zuzen, mintzatu zen No Kings batzarra. Aurreko hilabeteetan, uztaila hurbildu ahala, gogoeta ugari agertu ziren hainbat webgunetan eta argitalpenetan –Osservatorio Repressione, Volere la Luna, Jacobin eta Il Manifeston, adibidez—, eta agerian utzi zuten mugimenduaren izaera profetikoa. Duela 25 urte balizko aukera gisa planteatzen genuena gaur egun ezinbesteko beharra bihurtu da. Fronte guztietan nabaria den hondamendi baten aurrean gaude.
Horregatik, ezinbestekoa da duela 25 urteko aktibismoa ezaugarritu zuen indarra berreskuratzea: desadostasuna eta oposizioa adierazteaz haratago, ikuspegi internazionalista batetik, aurrean ditugun erronkei irmotasunez eta adimen kolektiboz erantzuteko.
25 urte ondoren, zein da foro sozial alternatiboetan sortutako proposamenen oinordetza?
Mezua oso argia da: 2001ean 300.000 pertsona G8aren aurka kalera ateratzera bultzatu zituzten gaiak ez dira iraganeko kontuak; forma berriak hartu dituzte, eta gaur egun are premia handiagoz eragiten diete gizarte zibilari eta erakundeei. Labur esanda: mugimenduak arrazoi guztia zuen.
Duela 25 urte batzuentzat utopikoa izan zitekeena berriro agertu da elkartze kolektiborako indar gisa: ur publikoaren defentsatik hasi eta Palestinako herriaren aldeko mobilizazioetaraino. Ondasun komunaren ideiak eta neoliberalismoaren, ekonomiaren finantzarizazioaren eta aberastasunaren kontzentrazioaren aurkako kritikak indarrean jarraitzen dute erabat. Era berean, gerrari ezetz borobilak ere gaurkotasun osoa du, batez ere belaunaldi berrien artean, oso argi eta irmo ageri baitira.
“Memoriarik gabe ez dago etorkizunik”, diozue. Zergatik?
Primo Levirenak dira hitzak, urte hauetan hamaika aldiz aipatu eta gogora ekarri ditugunak. Levik Shoá (nazien Holokaustoa) zuen gogoan, gizateria osoak gogoratu beharrekoa, berriro gerta ez dadin. Tamalez, gaur egun Palestinako herriaren aurkako genozidioa ikusten ari gara, inpotentziaz.
Ziur gaude memoria egitea borroka egiteko modua dela: ez oroitzapen hutsera mugatzen den memoria edulkoratua, baizik eta salatu, zorrotz informatu eta gertakarien inguruan hausnarketa kritikoa egitera gonbidatzen duen memoria.
Hori bera egiten saiatu gara batzordearen webgunearen eta ikasketa-beken bitartez. Saritutako lanen artean dago Giulia Caratiren tesia, Sconvolgenti analogie (Analogia beldurgarriak), 1977ko Boloniako Francesco Lorusso eta Carlo Giulianiren kasuak alderatzen dituena, prozesu judiziala, estalketak eta justizia eza aztertuta.
Genovako gertakarien egia argitu al da?
Iritzi publikoaren zati handi batentzat ez, gobernuaren aldeko hedabideen kontakizunek –eta ez horiek bakarrik– baldintzatzen baitute oraindik ere.
Bai, ordea, neska-mutil konprometituentzat, ezagutu eta ulertu nahi dutenentzat. Batez ere haiengatik jarraituko dugu lanean, ahal dugun neurrian. Haiek direlako gure etorkizuna.

